Edukira joan

Atlas katalana

Wikipedia, Entziklopedia askea
1375eko Atlas Català de la Corona de Catalunya i Aragó portulanoaren XIX. mendeko kopia

Atlas katalana (katalanez Atles Català) 1375 inguruko portulano edo mapamundi bat da, Abraham Cresques mallorcarrak egina eta Erdi Aroko mapagintzako gailurtzat hartzen dena[1]. Haize-arrosa bat duen lehen mapa da.

Abraham Cresques mallorcar judu bat zen, Petri IV.a Aragoikoaren zerbitzura lan egiten zuena. Bere buxoler (iparrorratz egile) lantegian, Jafuda semearen laguntza zuen. Atlasa mapamundi bat da, hau da, mundu mapa bat bertan bizi diren gizataldeekin batera. Obra Joan printzeak, Petri errefearen semeak, eskatu zion, mundua zehatz irudikatzeko asmoz mendebaldetik ekialdera. Mapamundi honen berritasun nagusia Asiaren irudikapena da, Kaspiar itsasotik Katai eskualderaino (Txina), Marco Polo eta Jordanusen informazioa kontuan hartzen duena.

Jatorrian, atlasa sei pergamino-orri zituen (bakoitza 64,5 x 50 cm inguru), bertikalki tolestuta, hainbat koloretan margotua, urrea eta zilarra barne[2]. Guztira 64,5 x 300 cm zituen. Geroago, zurezko bost paneletan atze-aurre muntatu ziren, larruzko azaletan sartuta 1515ean, eta 1991n zaharberritua. Higadurak orri bakoitza bitan banatu ditu[2].

Atlas Katalanaren 6 pergaminoak.

Lehen pergaminoa (Kosmogonia)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lehen pergaminoa.

Atlasaren lehen atalak gai kosmogonikoak adierazten ditu besteak beste: 30 eguneko ilargi-hilabeteen laburpen bat eta bi diagrama biribil. Lehenengoak haize-arrosa bat du, ilbetean itsasgora kalkulatzeko, ezagutzen diren zaharrenetakoa[3]. Besteak, berriz, gailu mugikor bat zuela uste da, urteko jaiegun mugikorrak kalkulatzeko: inauteria, pazkoa eta mendekostea.

Jarraian, anatomia mediko astrologiko bat dago, zodiakoan ilargia aurkitzeko taula batekin. Bigarren taula honetan Lurrari biruzko testu bat dago, bere jatorriari, neurriei eta zenbait fenomeno naturalen interpretazioari buruzkoa. Testu honetan, Lurra esferikoa da eta gehienez 180.000 estadio ditu zirkunferentzian. Egileak «ohiko estadio» (185,12 m) erabili bazuen, Lurraren zirkunferentziak 33.321 km neurtuko lituzke; baina egileak «estadio handia» (222,34 m) erabili bazuen, zirkunferentziak 40.021 km neurtuko lituzke (ekuatorean 40.075 km dituenean egiazki).

Bigarren pergaminoa (Egutegia)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bigarren pergaminoa.

Orri honetan bi egutegi handi aurki daitezke, bata eguzki-eguregia eta bestea ilargi-egutegia, urteko lau urtaroek inguratuta.

Egutegien ondoan, Klaudio Ptolomeoren eredu geozentrikoan oinarritutako datu astronomikoak daude, garai hartan hedatuena. Lurraren gaineko gizateria oinarrizko hiru elementuz inguratuta dago: airea, ura eta sua. Eraztun urdinetan Ilargia, Merkurio, Artizarra, Eguzkia, Marte, Jupiter eta Saturno aurki daitezke, eta hemazortzi izar dituen ortzia. Hurrengo zirkuluak argizagi hauen alegoria klasikoak ditu: eguzkia erregea da, Artizarra (Venus) dama bat da, eta abar, Marte gerlari batekin amaituz.

Jarraian, Zodiakoaren hamabi atalen izenak eta sinboloak aurki daitezke. Ondoren, ilargiaren faseak: ilberria iparraldean, ilbetea hegoaldean, ilbehera ekialdean eta ilgora mendebaldean. Konposizio honek udaberriko lehen ilberriaren garrantzia gogorarazten du, eta juduen lehen hilabete sakratuarekin du harremana.

Adibide honetan urtaroak markatzeko erabilitako doitasuna eta arreta ikus daiteke; udaberria, ipar-ekialdeko angeluan, Aries eta Cancer artean dago, dagozkien Alnath eta Albatraren ilargi-zeinuak, eta hiru XXX dibisio ditu, Aries, Taurus eta Geminis zeinuei dagozkienak, 90 graduko koadrante batean.

Hirugarren pergaminoa (Mediterraneo mendebaldea eta Atlantikoa)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hirugarren pergaminoa.

Hirugarren orria munduko maparen lehen zatia da. Europako eta Ipar Afrikako mendebaldea reajusten ditu, eta leku garrantzitsua uzten dio Ozeano Atlantikoari.

Ezkerraldean, mapa bateko haize-arrosa baten lehen irudikapen ezaguna dago[4]. Lehen orrian ageri den haize-arrosak ez bezala, haizeen izen osoak italieraz ditu, eta ez soilik katalanezko inizialekin. 8 haize nagusiez gain, 32 norabide ere baditu. Eredu hori izan da gaur egun arte gorde den prototipoa: iparraldea ipar magnetikoa da, 10 graduko desbiderapenarekin ekialderantz. Lehen I-H norabideak Hierro uhartea zeharkatzen du, ikertzaile batzuek Klaudio Ptolomeoren lehen meridianoaren tradizioarekin lotu dutena.

Pergamino honek Mendebaldeko Europako eta Afrika Iparraldeko kostaldeen irudikapen oso zehatza eskaintzen du, eta Mallorcako kartografoek bizitako lurralde honen ezagutza ona frogatzen du. Bertan ageri Euskal Kostaldea.

Mendien kolorea okrea da, eta landaretza izanez gero, berdea bihurtzen da. Horrela, Atlas mendiak okreak dira, eta Pirinioak, berriz, berdeak.

Orri honen izaera berezia, batez ere, Saharaz hegoaldeko lurraldearen deskribapen zehatz eta historikoan datza. Garai hartan mendebaldeko kartografoek Sahara basamortua gutxi ezagutzen zuten bitartean, bizitzarako desegokia zen hedadura zabal bat bezala irudikatzen baitzuten, Abraham Cresquesek bere izaera oso antropizatua azpimarratu zuen.

Laugarren pergaminoa (Mediterraneo ekialdea)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Laugarren pergaminoa.

Arro hidrografikoak eta ibaiak berde ageri dira. Nilo ibaia, tradizioaren arabera, mendebaldeko laku batean jaiotzen da, zalantzarik gabe, Niger ibaiarekin nahasten baitzen garai hartan.

Bosgarren pergaminoa (Asia erdialdea)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bosgarren pergaminoa.

Mendebalderantz jarraituz, hirugarren mapa Volga ibaiaren behe-ibilguarekin hasten da, eta Kaspiar itsasorako bokaleekin bereziekin. Iparraldetik hegoaldera, Kaukasoak, Eufrates ibaiak eta arabiar penintsulak osatzen dute mapa honen berehalako identifikazio-geografia.

Amu Daria ibaia Aral itsasoraino ageri da, iturburua Pamir mendikatean duela. Hegoalderantz, Delhi ageri da da, 1206tik 1320ra India gobernatu zuen sultanarekin. Eskualde honetako izen gehienak Marco Poloren bidaiatik datoz.

Iparraldeko mendikatea Tian Shan mendi asiarrei dagokie, eta bertan Zetaren Bideko karabanak ikusten dira Katairantz doazenak. Kostalde guztiak lerro jarraiekin eta xehetasun gutxiagorekin eginak daude, eskualdeko lurrak itsasoa baino ezagunagoa zela erakusten duena.

Azaltzen diren hiri aipagarrienen artean dago Meka dago, baita Bagdad, Samarkanda eta Astrakan ere, Pekinera joateko hegoaldeko, erdialdeko eta iparraldeko ibilbideak direnak. Mapa honen ertzean, Indiako hego-ekialdean, Kolonbo dago, Zeilan uhartean. 1173an Benjamin Tuterakoak lurralde hauek bisitatu zituenez bertako juduak ezagutzeko asmoarekin, litekeena da Cresquesek bidaia horren datuak eskuratzea.

Persiar golkoko eta Adengo golkoko uharte identifikagarriak Ormuz eta Sokotra uharteak dira.

Seigarren pergaminoa (Katai)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Seigarren pergaminoa.

Informazio geografiko eza orekatzeko, apaindura aberatsez beteta dago mapa hau, hustasun sentsazioa ekiditeko. Aldi berean, Erdi Aroko europarrek Katai (Txina) lurralde bikain eta erraldoiari buruz zuten jakin-mina elikatzen zuen.

Orografia eta hidrografia ez dira beste mapa batzuen ohiko irudikapenak, baizik eta espazioak egituratzen laguntzen dute. Hiriak dira informazio kartografiko garrantzitsuena, eta garrantzitsuena Khanbaliq da, Khagan handiaren hiriburua (egungo Pekin). Kostaldeko portu garrantzitsuenak ere badaude. Indo ibaiak Kataiko muga markatzen du, tradizioak jasotzen zuen bezala, eta mendi handi batzuetan du iturburua, Himalaia izan daitezkeenak.

Indiako ozeanoan bi uharte handi daude: Iana, Java izan daitekeena, eta Trapobana, segur aski Zeilan adierazi nahi duena.

Haratago ozeanoa ageri da ("Mare Oceanis"), Japonia izendatu gabe.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Clayton J. Drees. (2001). The Late Medieval Age of Crisis and Renewal, 1300–1500: A Biographical Dictionary (The Great Cultural Eras of the Western World). Greenwood, 119–120 or. ISBN 0-313-30588-9..
  2. a b «Espagnol 30» Bibliothèque nationale de France jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2023-02-08).
  3. (Katalanez) «Marees i Atles Català [1375»] Cuadernos de Geografía de la Universitat de València 2019-03-14  doi:10.7203/CGUV..14286. ISSN 2695-7965. (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
  4. (Frantsesez) Hadrien Collet. (2022 azaroa). «Sultanat du Mali - Une religion parmi d'autres» L'Histoire 501: 37..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]