Edukira joan

Teodora Inácia Gomes

Wikipedia, Entziklopedia askea
Teodora Inácia Gomes
Bizitza
JaiotzaEmpada (en) Itzuli1944ko irailaren 13a (79 urte)
Herrialdea Ginea-Bissau
Hezkuntza
Hizkuntzakportugesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta aktibista
MugimenduaWomans rights (en) Itzuli
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakGuinea-Bissau War of Independence (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaAfrican Party for the Independence of Guinea and Cape Verde (en) Itzuli

Teodora Inácia Gomes (Empada, 1944ko irailaren 13a) gineabissautar politikaria eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea da. Ginea Bissauko independentziaren aldeko borrokalari ohia ere bada.

Teodora Inácia Gomes, familiaren artean Obono ezizenez ezaguna, Empadan jaio zen 1944ko irailaren 13an[1]. Aita Inácio Pedro Gomes zuen. Ahizpa bat (Joana Gomes) eta lau neba zituen[1][2]. Familia kristau batean hazi zen eta eskola katoliko batean ikasi zuen[1]. Aita gaztea zenean, Portora (Portugal) emigratu zuen eta Portugalgo koloniatik kanpo ikasi zuten ginear gutxietako bat izan zen[1]. Han zegoen bitartean, harreman garrantzitsuak egin zituen Portugalgo Alderdi Komunistarekin. Gomesen ama antolakuntza soziala matrilineala zuen talde etniko batetik zetorren, eta biak independentziaren aldeko mugimenduan jardun zuten[1].

1962an Gomes borroka armatuan sartu zen eta Ginea eta Cabo Verderen Independentziarako Afrikar Alderdiko kide egin zen[1]. Han Amílcar Cabralekin lankidetza estua egin zuen eta harekin elkarlanean aritu zen[3]. Mediku eta politika irakasle gisa ere lan egin zuen[2][4]. Prestakuntza militarra ere egin zuen eta 95 emakumez osatutako unitate bat zuzendu zuen[4]. Besteak beste, Titina Silárekin batera borrokatu zen 1963an[1][4]. 1963ko abuztuan, Gomesek eta Silák Sobietar Batasunera bidaiatu zuten praktika politiko bat egitera[4].

1964an diru-laguntza bat jaso zuen eta Kievera joan zen ikastera[1]. Gazteen eta emakumeen mugimendu sozialetan parte hartu zuen eta Ginea eta Cabo Verderen Independentziarako Afrikar Alderdiaren idealak eta helburuak zabaldu zituen[1]. 1966an Conakryra itzuli zen eta irakasle lanetan hasi zen Jardim Escola de Ratoman (Instituto Amizade). 1969tik 1971ra eskolako zuzendari izan zen[1].

1974an Ginea-Bissauk independentzia lortu ondoren, Gomes Ginea-Bissauko Herri Batzar Nazionalean diputatu hautatu zuten Ginea eta Cabo Verderen Independentziarako Afrikar Alderdiko kide gisa[5][3]. 1976an Ginear-Sobietar Adiskidetasun Elkarteko lau presidenteordeetako bat bilakatu zen[6].

Politikari gisa, emakumeen eskubideak defendatu ditu bere ibilbidean zehar, besteak beste Ginea Bissaun emakumeen genitalen mutilazioa legez kanpo uzteko. Beste lege batzuk ere proposatu ditu: askatasunaren aldeko borrokalari ohien eskubideak babesten dituztenak, ugalketa-osasunaren ingurukoak, adingabeen salerosketaren aurkakoak, familia-plangintzaren ingurukoak eta emakumeen aurkako indarkeria debekatzen dutenak[1]. 2015ean Luandan egin zen Internazional Sozialistaren konferentzian parte hartu zuen[7]. Gobernuz kanpoko erakunde batekin ere lan egiten du, kontzientzia politikoa piztea eta gobernuko erakundetan emakume kopurua handitzea duena helburu[5][8].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i j k (Portugesez) Godinho Gomes, Patrícia. (2016). «A Mulher guineense como sujeito e objecto do debate histórico contemporâneo: Excertos da história de vida de Teodora Inácia Gomes» Africa Development (CODESRIA) XLI (3): 71-95. (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
  2. a b (Ingelesez) «From The Battlefield To The Ballot Box» Trix Magazine 2020-03-22 (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
  3. a b (Ingelesez) Urdang, Stephanie. (1975). «Fighting Two Colonialisms: The Women's Struggle in Guinea-Bissau» African Studies Review 18 (3): 29-34. ISSN 0002-0206. (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
  4. a b c d (Portugesez) «Guiné-Bissau presta homenagem a Titina Silá» Expresso 2007-01-30 (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
  5. a b (Portugesez) «Teodora Inácia Gomes, a combatente guineense, enaltecida no Forum "Por Cabral, sempre", na cidade da Praia» Rádio Vaticano 2013-01-28 (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
  6. (Ingelesez) Translations on Sub-Saharan Africa. United States Joint Publications Research Service (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
  7. (Ingelesez) «List of participants» Socialist International (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
  8. (Portugesez) Godinho Gomes, Patrícia. «Na senda da luta pela paz e igualdade. O contributo das mulheres guineenses» Buala 2013-03-08 (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]